BASQUE ULTRA TRAIL SERIES (BUTS) Zirkuituak, 2017an Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñea mendiz eta lau probatan lotuko dituen erronkak, lehen edizioa lehiatu baino lehen lortu du lehen garaipena; izan ere, modalitate honetako munduko lasterketa entzutetsuenak parte hartzeko hautagaiak aukeratzeko proba puntuagarrien artean sartzea lortu du. Mont Blanceko Ultra Trailean (UTMB) gehienez ere 2.000 korrikalarik har dezakete parte eta normalean hautagaiak lau aldiz gehiago izaten dira. Hori dela eta, proba jakin batzuetan lortu behar dira puntuak plaza horietako bat eskuratzeko. Hain zuzen, BUTS zirkuituko lehen bi etapak Chamonixeko probarako “kalifikazioa lortzeko lasterketak” izango dira, UTMBko antolakuntzak ofizial egin berri duenez.

Zehazki, Bilbo-Gasteiz proban (ia 110 kilometro eta 10.300 metroko desnibel metatua) eta Gasteiz-Iruñea lasterketan (130 kilometro eta 11.500 metroko desnibel metatua) parte hartzen dutenek bost puntu eskuratuko dituzte bakoitzean, eta gutxienez 15 behar dira UTMBn aurre-inskripzioa egin ahal izateko. Kontuan izan behar da Alpeetako ultramaratoi hau ultra trailaren Mekatzat hartzen dela, eta probako antolakuntzak urtero 8.000 eskabide inguru jasotzen dituela karreran parte hartu ahal izateko, eta, arestian esan dugunez, gehienez ere 2.000 korrikalari egon daitezke irteera-lerroan.

 

Goi-mailako korrikalariak hasi dira jada BUTSen izena ematen; besteak beste, irteera-lerroan izango dira Silvia Trigueros, Nerea Martinez ,Imanol Aleson, Dani Aguirre, Aitor Iraizoz eta Pedro Etxeberria., ultra traileko erreferentziazko bi lasterkari. Gero eta zale gehiago dituen muturreko kirol honen elitean daude biak ala biak, haien ibilbideak erakusten duenez, eta haien parte-hartzeak, dudarik gabe, bultzada emango dio lehiaketa berritzaile honen entzuteari, ultra trail egutegian erreferentziazko proba bihurtzeko ahalegin horretan