BASQUE ULTRA TRAIL SERIES zirkuitua ultra distantziako lau mendi lasterketaz osatutako kirol proba bat da. Lau proba horiek EAEko hiru hiriburuak eta Nafarroakoa lotzen dituzte, erdi-autosufizientzian eta mendiz, urtean zehar egutegian banatutako lau asteburutan. Lau probak 110 eta 140 km artekoak izango dira; beraz, 500 kilometro izango dira guztira. Lasterketak bi hilabetean behin izango dira gutxi gorabehera, partaideek fisikoki osatzeko denbora izan dezaten eta, hala, urte berean lau hiriak mendiz lotzeko erronka bete ahal izan dezaten.

BASQUE ULTRA TRAIL SERIES zirkuitua mendizaletasunaren berezko balioak –errespetua, elkartasuna eta jarduera fisikoaren bidez natura ezagutzea– sustatzeko eta Euskal Herriko geografiak paisaia aldetik duen aberastasuna zabaltzeko asmo eta borondatearekin sortu da.

Alde horretatik, balizatutako bidezidorrak (GRak, PRak eta Santiago bidea) sustatuko ditu zirkuituak eta, horrez gain, ibilbideko zidor eta bideak berreskuratzeko eta mantentzeko ahalegina egingo du, esku hartzen duten erakunde eta organismoekin elkarlan estuan.
Era berean, BASQUE ULTRA TRAIL SERIES zirkuituaren baliorik garrantzitsuenetako bat gure geografiak natura, paisaia eta kultura aldetik dituen balio nabarmenak errespetatzea da. Orobat, probak zer ingurune zeharkatuko dituen kontuan hartuta, antolatzaileek natura-gune horien erabilera iraunkorra eta arduratsua sustatuko dute.
Ibilbide horretan, korrikalariek beren gaitasun fisikoak eta teknikoak jarri ahal izango dituzte proban, mendi-mendiko ingurunean, 1.500 metro arteko gailur eta lekuetan, orain lur-bideetan, orain belardietan eta orain harkaitz-eremuetan. Zirkuitua, beraz, aukera paregabea da mendizaletasunaren eta trail runningaren balioetan barneratzeko, norberaren mugak probatzeko eta gainerako partaideekin modu garbian lehiatzeko eta gozatzeko.

BASQUE ULTRA TRAIL SERIES Zirkuituak sailkapen nagusi orokor bat izango du (gizonezkoena eta emakumezkoena) eta horren arabera erabakiko da nor diren Zirkuituko txapeldunak eta sarien irabazleak. Lasterketa bakoitzean emandako puntuazioaren arabera zehaztuko da sailkapen hori.

BASQUE ULTRA TRAIL SERIES Zirkuitua osatzen duten lau probetan hainbat puntu banatuko zaizkie partaideei, haien sailkapenaren arabera. Lehen hiru probetako irabazleak 100 puntu eskuratuko ditu, eta laugarren lasterketaren irabazleak, 150 puntu.

  • Bilbo – Gasteiz: 100 puntu
  • Gasteiz – Iruñea: 100 puntu
  • Iruñea – Donostia: 100 puntu
  • Donostia – Bilbo: 150 puntu

Irabazleak lortutako gehieneko puntuazio horretatik behera, hurrengoek puntu bat gutxiago izango dute sailkapenaren hurrenkerari jarraituz, irabazlearengandik hasi eta azken finisherreraino (honek puntu 1 eskuratuko du); izan ere, 100. sailkatutik aurrera (150.a laugarren proban) finisher guztiek puntu bat lortuko dute.

Zirkuituaren azken sailkapena puntuen batuketaren araberakoa izango da. Horrenbestez, lau probetan puntu gehien batzen duenak, horrek jantziko du BASQUE ULTRA TRAIL SERIES Zirkuituko txapela.

Diru-sariak eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da BASQUE ULTRA TRAIL SERIES Zirkuituko lau probetatik gutxienez bitan parte hartzea. Bi horietako bat nahitaez laugarren proba puntuagarria izango da (Donostia – Bilbo).

Postuaren arabera, hauek izango dira sariak: (Gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak, edozein adinetan):

10º

2.000 € + txapela + garaikurra

1.000 € + garaikurra

750 € + garaikurra

500 €

250 €

150 €

100 €

100 €

100 €

100 €

Gainera, lau proba puntuagarriak amaitzen dituzten partaide guztiek BASQUE ULTRA TRAIL SERIES Zirkuituaren finisher direla saritzeko opari bat jasoko dute.

Diru-sari guztiek indarrean den legediaren araberako atxikipenak izango dituzte.

Antolatzailea: Trail 52 Sport Mendi Kluba

Zuzendari nagusia: Fernando Pérez

Lasterketen zuzendaritza: Oihan Arzua

Irteera/Helmugako koordinazioa: Raquel Mateos

Kronometrajea: Live Trail

Ibilbideen arduradunak: Fenando Pérez / Oihan Arzua

Segurtasuneko arduraduna: Kepa Lizarraga

Finantza-arduraduna: Raquel Mateos

Izen-emateen arduraduna: Raquel Mateos

Prentsa-arduraduna: Ana Larizgoitia

Boluntarioen koordinazioa: Raquel Mateos

Mediku-asistentzia: Kepa Lizarraga

Kontrol eta anoa-guneetako arduraduna: Cristina Valderrey

Balizajea: Fernando Mateos

PROBAREN OINARRIA

BASQUE ULTRA TRAIL SERIES zirkuitua Sheve Peña mendizale tolosar ezagunak 1953. urtean eginiko balentrian oinarritzen da.

Peñak oinez eta mendiz lotu zituen Hego Euskal Herriko lau hiriburuak. Gelditu gabe (non stop), kuluxka txikiak eginez, osatu zuen ibilia, maiatzaren 25 eta 28 artean.

Lau Katedralen Martxa izena eman zioten ibilaldi horri, Peñak, garaiko espiritu erlijiosoak bultzaturik, meza entzun zuelako hiri bakoitzeko katedraletan, berriro ere ibiliari ekin aurretik.

Sheve Peñak 45 urte zituen orduan eta hilabete luzez jardun zuen ibilaldia prestatzen, xehetasun txikiena ere zainduz: zer lekutatik igaroko zen, non hartuko zuen atseden, elikadura, nor izango zituen bidelagun, ilargialdiak, etab.  Azkenik, maiatzaren 25ean, astelehenez, 00:00etan abiatu zen Bilboko Santiago katedraletik.

Bilbotik Donostiara jo zuen, Donostiatik Iruñera, Nafarroako hiriburutik Gasteizera eta Gasteiztik berriro Bilbora.  400 kilometro, 7.400 metro desnibel positibo eta ibilian 93 ordu eta 5 minutu egin ondoren (horietatik 66 ordu eta 25 martxa aktiboan), maiatzaren 28an, ostegunez, mendizale tolosarra Bilboko katedraleko arkupeetara iritsi zen atzera.

Distantzian oso urrun, Bilbotik kilometro askotara, baina data beretan, Himalaiako mendikatean espedizio britainiar bat Everest (8.848 m) aurrenekoz igotzeko ahalegina egiten ari zen. Maiatzaren 29an, Edmund  Hillary zeelandaberritarrak eta Tenzing Norgay sherpak planetako mendirik altuena jo zuten; gizakiak lehenbizikoz zapaldu zuen munduko sabaia.

Hain zuzen, denboran bat etortze horrek ekarri zuen Sheve Peñaren balentriari buruz idatzitako liburuaren izenburua: ‘Al mismo tiempo que Hillary y Tenzing…’. Lana, formatu txikikoa baina ibilaldiaren xehetasun eta datuekin ondo baino hobeto hornitua, hamar pezetatan saldu zuten, eta lortutako dirua, 5.000 pezeta guztira, Tolosako Ongintza Etxera, gaur egungo Iurreamendi Egoitzara bideratu zuten.


EKOBUTS

BASQUE ULTRA TRAIL SERIES zirkuituko probak zati askotan Parke Naturaletatik eta, oro har, gune babestuetatik igarotzen dira, eta, beraz, lasterketan esku hartzen duten alde guztiek (antolatzaile, boluntario, ikusle eta partaideek) modu berezian zaindu eta errespetatu behar dituzte ingurune horiek.

BASQUE ULTRA TRAIL SERIES zirkuituaren oinarri eta balio nagusietakoak iraunkortasuna eta ingurumenarekiko errespetua dira. Hori dela eta, antolakuntzak bete-beteko ahalegina egingo du eta eskueran dituen baliabide guztiak jarriko ditu lasterketek ingurumenean izan dezaketen eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

  • Material birziklatuak, berrerabilgarriak edo biodegradagarriak erabiltzekoa.
  • Ibilbideetako baliza eta marka guztiak kentzekoa eta, kasu guztietan, proben ondorioz sortutako hondakin-mota guztiak ahalik eta lasterren jaso eta deuseztatzekoa.
  • Anoa-guneetako janari guztia erretilu berrerabilgarrietan zerbitzatuko da
  • Anoa-guneetan ez da edalontzirik izango, ahal den neurrian, zaborrik ez sortzeko. Partaide bakoitzak ontzi birziklagarri bat eraman beharko du (edalontzia, bidoia edo bestelakoa) 30 cl-ko gutxieneko edukierarekin. Salbuespen modura, probetako lehen anoa-gunean erabili ahal izango dira, pilaketarik ez sortzeko.
  • Partaideek barratxo, gel, janari-poltsa eta bestelako bilgarri guztietan markatu beharko dute beren dortsalaren zenbakia, irakurtzeko moduan eta errotulagailu ezabaezinarekin, behin erabili ondoren bilgarri horiek ibilbidean ez uzteko.
  • Antolakuntzak korrikalariaren poltsan edalontzi tolesgarri bat sartuko du anoa-guneetan erabiltzeko, baita poltsa-sare birziklagarri bat ere, lasterkariak lasterketan sortzen duen zaborra gordetzeko (ondoren, anoa-guneetan egokitutako edukiontzietan bota beharko du zabor hori).
  • Derrigorrezkoa da balizatutako bideari jarraitzea, mozten saiatu gabe eta lasterbiderik hartu gabe, batez ere pista edo bideetatik kanpo doazen tarteetan eta babestutako natura-guneetan; izan ere, horrek lurzoruaren higadura atzeraezina eta berehalako degradazioa sor dezake.
  • Ibilbidean hondakinen bat botatzen edo uzten duten korrikalariak kanporatuak izango dira probatik.
  • Anoa-gune guztietan edukiontziak izango dira hondakinak behar bezala bereizteko.
  • Agortutako pilak jasotzeko edukiontziak ere egokituko dira anoa-gune guztietan. Alde horretatik, berriro karga daitezkeen pilak erabiltzeko gomendioa egiten du antolakuntzak.
  • Basque Ultra Trail Series zirkuituak mugikortasun iraunkorraren garrantzia azpimarratu nahi du. Horretarako, antolakuntzak autobus-sare bat jarriko du partaide, laguntzaile eta ikusleen eskura, ibilbideko hainbat puntutara joateko, ahal den neurrian ibilgailu pribatuen kopurua ahalik eta gehien gutxitzeko.
  • Basque Ultra Trail Series zirkuituak dei egiten die probak ikustera hurbiltzen diren guztiei garraiobide publikoa erabil dezaten lasterketen abiapuntura eta helmugara iristeko eta ibilbidean zehar hara eta hona mugitzeko

BABESLEAK ETA LAGUNTZAILEAK