Euskal Mendizale Federazioak Ultra Traileko Euskal Herriko Txapelketa izendatu du Nafarroako eta Gipuzkoako hiriburuak lotuko dituen proba, eta 2017ko Mendiko Lasterketen Egutegi Ofizialean sartu du

Probaren ezaugarriak (120 kilometroko distantzia eta 6.300 metroko goranzko desnibela) kontuan hartuta erabaki du Federazioko Batzordeak 2017ko Mendiko lasterketen egutegiko lasterketa esanguratsuena izendatzea proba berritzaile hau

BUTS zirkuituaren lehen edizioak izango duen goi maila adierazten du izendapenak, kontuan hartu behar baita beste bi etapa (Bilbo-Gasteiz eta Gasteiz-Iruñea) Mont Blanceko Ultra Trail (UTMB) probarako puntuagarriak izango direla

Basque Ultra Trail Series (BUTS) zirkuituko Iruñea-Donostia probak erabakiko du aurten modalitate honetako Euskal Herriko txapelduna nor izango den. Euskal Mendizale Federazioak gaur eman du argitara 2017ko Mendiko Lasterketen Egutegi Ofiziala eta BUTS Zirkuituko hirugarren etapa hautatu du Ultra Trail modalitateko Euskal Herriko Txapelketa izateko; hau da, abuztuaren 4tik 6ra Nafarroako eta Gipuzkoako hiriburuak lotuko dituen lasterketa. Probaren ezaugarriak (120 kilometroko distantzia eta 6.600 metroko goranzko desnibela) kontuan hartuta erabaki du Federazioko Mendiko Lasterketen Batzordeak 2017ko Euskal Herriko egutegiko lasterketa esanguratsuena izendatzea ultra trail berritzaile hau.

Lasterketak Iruñea eta Donostia elkartuko ditu, bi lurraldeetako mendigune nagusienetan barna, eta horietako gailur esanguratsuenetako batzuk igoko ditu, hala nola Ezkaba, Erga, Ireber, Urepel, Mandoegi, Adarra eta Oindi, baita hainbat herri nagusi igaro ere; besteak beste, Irurtzun, Lekunberri, Leitza eta Hernani. Bideak hainbat zidor historiko zeharkatzen ditu, mendiko lasterketen zaleek aski ezagunak dituzten bideak; besteren artean, GR-20a (Aralarko Itzulia), GR-121a (Gipuzkoako Bira) eta GR-220a (Iruñerriko Itzulia).

Euskal Mendizale Federazioak hartutako erabakiak ondo baino hobeto erakusten du BUTS Zirkuituaren lehen edizioak izango duen goi maila.  Hain zuzen, Mont Blanceko Ultra Trail (UTMB) probak, espezialitateko hitzordu entzutetsuenak, hurrengo ediziorako proba puntuagarrien artean sartu ditu BUTS Zirkuituko lehen bi etapak (Bilbo-Gasteiz eta Gasteiz-Iruñea), eta antolatzaileek espero dute beste biak ere puntuagarritzat hartuko dituela berandu gabe.

IRUÑEA-DONOSTIA PROBAREN FITXA TEKNIKOA

  • Distantzia: 120km
  • Desnibela: 6.600 metro gorantz eta 7.000 beherantz
  • Gehieneko altuera: 1.208 m. (Ireber)
  • Gutxieneko altuera: 7 m. (Donostia)
  • Irteerako ordutegia: Abuztuaren 4ko (ostirala) 24:00ak
  • Denbora-muga: 34 ordu (igandeko 10:00ak arte)
  • Anoa-guneak: Oteiza, Larunbe, Irurtzun, Lekunberri, Leitza (Bizitza oinarria), Ixkibar, Olloki, Pozontarri lepoa (Urnieta) eta Santa Barbara (Hernani).
  • Igaroko diren herriak: Iruñea, Berriosuso, Oteiza, Osinaga, Larunbe, Goldaratz, Lekunberri, Etxarri, Leitza, Urnieta, Hernani eta Donostia.
  • Gailur nagusiak: Ezkaba, Eltxumendi, Arriaundi, Erga, Alitzako Malkorra, Ireber, Urepel, Mandoegi, Zaburu, Onddo, Adarra, Oindi eta Agerreburu.

 

IBILBIDEKO GAINAZAL-MOTAK

  • Asfaltoa/hormigoia: %18
  • Pistak: %15
  • Bidezidorrak/bideak: %67

Partaide kopurua: 600

Lau hiriburuak mendiz mendi lotuko dituen zirkuitua

Bilbo-Gasteiz; Gasteiz-Iruñea; Iruñea-Donostia eta Donostia-Bilbo. BASQUE ULTRA TRAIL SERIES zirkuitua, bete-beteko kirol-erronka da: guztira lau ultra trail lasterketa izango dira 2017an zehar, Hego Euskal Herriko lau hiriburuen artean, eta 500 kilometroko ibilbidean 99 gailur igo beharko dituzte partaideek, horietako batzuk gure geografiako tontor eder eta enblematikoenak. BUTS zirkuituaren lehen hitzordua Bilbo eta Gasteiz artekoa izango da, hurrengo otsailean.

Proba Trail 52 Sport Mendi Kluba elkarteak antolatzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko gobernuen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta lau hiriburuetako udalen babes eta laguntzarekin. Euskaltel da babesle nagusia, eta laguntzaileen artean, hor dira Iruñerriko Mankomunitatea, Coca Cola eta Urgo laborategiak, Aneto, Café Fortaleza, Nacturale y Renault Gaursa, besteak beste.

Erronka: lau lasterketa mendiz mendi 4 hiri lotzeko

 

buts mendiko txapelketa